Sahararen aldeko II. zinema zikloa
2025eko urtarrilean zehar, Nafarroako Filmotekak, FiSaharak eta Kabiak Elkarteak lankidetzan antolatutako Sahararen aldeko II. Zinema Zikloa izan da filmotekan bertan: hiru ostiral, hiru saio aurkezpen eta solasaldirekin, hiru begirada baino gehiago gatazkari, eta aforo osoa berriro betea.
Sei dokumentalen bitartez kolorez, kalitatez eta batez ere edukiz beteriko bidaia eskaintzea zen gure asmoa, Saharako Herriak bizi duen errealitate politiko, sozial eta gizatiar gordina ikusarazteko: bidai bat sahararrei existitzen eta erresistitzen uzten dieten lurraldeetan zehar, ezen maila pertsonalean edota Kabiak bezalako elkarte xumeetatik beti egoten baita gure esku haiengatik egin ahal dugun zerbait, alegia, haiei buruz hitz egiten jarraitzea, existitzen eta erresistitzen ari direla ez ahaztea, eta gertatzen ari zaiena kontatzea ezarri zaien blokeo mediatikoa hausteko.
Lehen saioan, krisi klimatikoa landu genuen bi filmen bidez: Desert Phosfate Mohamed Sleiman labat artista sahararraren zinema esperimentala, eta El Loco del Desierto Julieta Cherap zuzendari kubatarraren dokumentala. Mohamed Sleimanek basamortuan fosfato-geruzek fisikoki eta politikoki gainezarririk dena estali eta dena kutsatzen duten iruditik abiatuta gogoeta ia poetiko bat egin nahi izan du irudi ederren bidez, besteak beste, basamortuko autosufizientzia-gaitasuna mugatuta dagoela salatzeko. Bigarrenean, berriz, Julieta Cherap-ek irudietara eraman nahi izan du berriztagarritan espezializatutako ingeniari Tatah Lehbib-ek kanpamentuetan egindako etxebizitza bioklimatiko baten eraikuntza-esperientzia. Ondorengo solasaldian, Tateh-ek berak aurkezpen hunkigarri bat eskaini zigun, berotze globala kanpamentuetan bizimodua nola zailtzen ari den, horren inguruan. Jarraian Mohamed Sleiman zuzendariak bere filmari buruz idatziz bidalitako azalpena irakurri genuen, bera ezin izan baitzen saiora garaiz iritsi. Bukatzeko Kabiakideok maitasunez zaintzen dugun Bubisher Liburutegien eta Bibliobusen sareari buruz hitz egin genuen.
Bigarren saioan beste hiru filmen bidez Erresistentzian dauden Saharako emakumeak gaiari heldu genion. Dokumentalen bidez Ikusleak eraman genituen lehenik, Lurralde Okupatuetara 1975etik 2021era bitartean Mendebaldeko Sahara Okupatuan emakumeek jasan zituzten giza eskubideen urraketak lehen pertsonan kontatuak ezagutzeko (https://publicaciones.hegoa.ehu.eus/es/publications/528 Que salga todo a la luz txostena); ondoren, Kanpalekuetara, AEBn bizi eta bere sustrai sahararrak bilatzeko SaharaMarathon-en parte hartzea erabakitzen duen eliteko kirolari baten lasterketan lagun; eta, azkenik, Lurralde Askatuetara, meatze-eremu batera non neska gazte saharar batek meatze-bilatzaile gisa lan egitea erabaki duen, berak filmean zehar azaltzen joango den arrazoiengatik. Dokumental hauei buruz ari gara: Laura Dauden-en eta M. A. Herrera-ren Insumisas, Michell-Andrea Girouard-en Running Home, eta Daniel Suberbiola-ren Mutha & the death of Hamma-Fuku. Solasaldian Berria egunkariko kazetari Kristina Berasainek Insumisas dokumentalean laguntzaile izan den Natha Elkhalidi Equipe Mediako kide eta ekintzaile sahararra elkarrizketatu zuen. Bukatu aurretik gogorarazi ziguten aurten, azaroaren 14an, 50 urte beteko direla Espainiak Saharar Herriari egin zion traizio gaiztotik, Maroko eta Mauritaniarekin hiruko akordioak sinatu zituenean. Sinadura hark bigarren saio honetan azaldutako egoera lazgarriak eta jazarpenak bizitzera kondenatu zuen Herri Sahararra.
Zikloa amaitzeko, Saharako Gazteriari tartea eskaini genion, Eloy Dominguez Serén-en Hamada film-dokumentalaren bidez. Kanpamentuetan bizi diren gazte sahararren bizipenen kontakizunak biltzen ditu Hamada-k. Filmeko eszena guztiak Abidin Kahid Saleh Bojadorreko ikus-entzunezkoen eskolako ikasleek beraien bizipenetatik abiatuta kontatu, interpretatu eta errodatu zituzten. Batetik, begirada alaia eta freskoa islatzen digu filmak, baina aldi berean oinarri gogorra eta dramatikoa ere bai, ezen oso ongi jorratzen baitu kanpamentuetako neskatoek eta mutikoek gaztetasunera iristean aurre egin behar dioten etorkizun iluna, non formazio eta lan aukerak oso mugatuak dituzten. Tamalez saio honetako solasaldia bertan behera utzi behar izan genuen, iragarritako Fatma Moulay Ujsarioko koordinatzailea Kanpalekuetatik irten ezinik gelditu baitzen, eta Salem Ahmedu ere ezin izan baitzen azaldu osasun-arazoengatik. Hala ere, Fatma Moulay, kanpalekuetatik bideo pertsonal bat garaiz bidali izana txalotu genuen. Bideo haren bidez, bada, zikloari amaiera borobila eman genion: Fatmak zikloaren antolatzaileei antolaketa eta filmotekako ikusleei asistentzia eskertu zien, eta mezu bat plazaratu zuen: ez dezagula ahaztu han jarraitzen dutela, haietako asko formazioa jasotzen eta ongi prestatzen ari diren gazteak direla, erronka bati gogor eusteko prest, noizbait haien lurraldera itzuliko diren esperantzan.
Origen: SAHARAREN ALDEKO II. ZINE ZIKLOA NAFARROAKO FILMOTEKAN – Saharako Kabiak