African Lion 2025 maniobra militarrak Marokon egin dira udaberrian. Soldadu marokoarrekin batera, iparamerikarrak eta beste hainbat herrialdetakoak ere izan dira; Israelgo armadak parte hartu izanak hautsak harrotu ditu. African Lion ariketa militarretan jardun duten soldadu sionista horiek brigada jakin bateko kideak dira, eta ez nolanahikoak. Eliteko brigada horretako soldaduei egozten zaie erailtzea anbulantzietako 15 langile, Nazio Batuen Erakundeko langileak eta, erran gabe doa, hainbat eta hainbat palestinar, martxoaren 23an Rafahn, Gazaren hegoaldean. Leporatzen zizkieten krimen lazgarriak gorabehera, Estatu sionistaren iturri ofizialek adierazi zuten orduan soldaduek tiro egin zietela argiak itzalita zeramatzaten «ibilgailu susmagarriei»; baina apirilaren 5ean argitaratutako bideo batek frogatu zuen bertsio ofiziala gezur hutsa zela. Gezurrak, buztan motz.
Nazio Batuen Palestinako Lurraldeetarako Errelatore Berezia den Francesca Albanese andereak adierazi duenez, martxoaren 23an Rafahn izandako sarraskian parte hartu zuten soldadu israeldarrak Marokon egon direla edota daudela «baieztatuz gero, gaitzespen-fase berri bat izango litzateke, eta krimen lazgarrien egileak ikertzeko eta epaitzeko nazioarteko betebeharraren urraketa litzateke. Marokoko agintariei zuzenbide-estatua errespetatzeko» eskatu zien. Kontuak eskatzea eta exijitzea errelatoreari dagokion erantzukina da, baina Marokoko agintariei zuzenbide-estatua errespetatzeko galdea egitea alferrik da, horren froga sahararren eskubideen urraketa etengabea delarik.
Egun, preso politikoak egon badira, Marokok okupatutako Mendebaldeko Saharan atxilotuak eta sakabanatuta Marokoko espetxe urrunetara bidaliak. Preso politikoek beraiek salatu dituzte torturak eta tratu txarrak, baita preso politiko sahararren senideek, preso ohiek eta giza eskubideen defendatzaileek ere. Informazio-blokeoa hausteko helburuarekin, Mendebaldeko Sahara okupatura joan diren kazetariak, Asier Aldea nafartarra besteak beste, Casablancako aireportuan gelditu eta egotzi dituzte aurten, hainbat eta hainbat ordezkari politiko eta parlamentarirekin batera.
Beti-beti zerbait berezia behar da Marokoko agintarien eta Marokoko herritarren artean, ezin baitzaie marokoar xumeei Majzen ustelaren ankerkeria eta doilorkeria egotzi. Kontu jakina da, hala eta guztiz ere, jarrera zeharo eskizofrenikoa eta kontrajarria dutela ezagutzen ditudan marokoar batzuek: Palestinaren alde eta Israelen aurka, baina sahararren aurkakoak eta Mohamed satraparen aldekoak izaki. Agian ez dute ikusi Israelgo armadako soldaduen argazkia African Lion 2025 maniobretan. Agian marokoarrentzat Mohamed VI bera da Afrikako lehoia, «oso errege ona eta eskuzabala delako», Nafarroan bizi den umetxo marokoar baten ahotik aspaldi entzun nuenez. Agian ez dira konturatu Palestinaren eta Sahararen banderak oso antzekoak direla, ilargi-erdi bat eta izar gorri bat gorabehera.
Biderkatzaileen ordenak ez du biderkaduraren emaitza aldatzen. Nik behintzat argi daukat inperialismoaren aurka eta Palestinaren okupazioaren kontra oldartzen garelarik, Sahararen alde ere ari garela. Kolonialismoaren eta sionismoaren aurkako borroka, borroka bera baita; Palestinaren alde bazaude, ezinbestean Sahararen alde ere aritu behar duzu; Sahararen alde bazaude, Palestinaren alde ere aritu behar duzu, borroka bera izaki izarren azpian.
Origen: Borroka bera izarren azpian