Polisarioak su etena hautsi osteko lehen kongresua abiatuko du gaur Dakhlan – Euskadirako Saharar Ordezkaritza

Home Actualidad Polisarioak su etena hautsi osteko lehen kongresua abiatuko du gaur Dakhlan – Euskadirako Saharar Ordezkaritza
Polisarioak su etena hautsi osteko lehen kongresua abiatuko du gaur Dakhlan – Euskadirako Saharar Ordezkaritza

 

(Berria-2023/01/13)

Askapen mugimendu nazionalaren buruzagitzak ekintza militarrak areagotzea proposatuko du. ‘Marocogate’ auziak agerian utzi du Marokoko lobbyaren maniobrek baldintzatu dituztela eurodiputatuen erabakiak.

Fronte Polisarioarekin bat egiten duten bi mila sahararretik gora elkartuko dira gaurtik asteartera bitarte askapen mugimendu nazionalaren ekintza plana eztabaidatu eta ildo politikoak finkatzeko. 2020ko azaroaren 13an su etena hautsi ostean egingo duten lehen kongresua da, eta gerrak zeharo baldintzatuko du lau urtetik behin egiten den topaketa. Kongresua Aljeriako errefuxiatuen kanpamentuetan egiteak, eta ez lurralde askatuetan, agerian uzten du saharar herriarentzat hain garrantzitsua den bilkura hau benetan salbuespenezkoa dela. Dakhlan egingo dute aurten topaketa, urrunen dagoen wilaya-n, basamortutik hegoalderago dagoena, lurralde askatuetan erortzen ari diren misil eta bonbetatik urrun.

Ikusi gehiago: «Agerian geratu da Marokoren funtzionatzeko era mafiosoa»

Bake prozesuaren eta diplomaziaren emaitza antzua aintzat hartuta, borroka armatua izango da hizpide nagusia, leloak berak aditzera ematen duenez: Okupazioa kanporatzeko eta subiranotasuna osatzeko borroka armatua areagotzearen alde. Kongresuan, hortaz, ekintza militarrak biziagotzea proposatuko dute; hau da, bonbardaketetatik harago, intentsitate txikiko gerrari beste norabide bat ematea. Idazkaritza nazionalak kongresuaren atarian zabaldutako komunikatuak berretsi egiten du saharar herriaren irmotasuna, bere lurraldea defendatzeko eskura dituen bitarteko legitimo guztiekin; borroka armatua barne.

Polisarioa eta Maroko higatze gerra batean ari dira 1991n adostutako su etena hautsi zenetik. Maroko Guerguerat eremuan sartu izanak eragin zuen ia hiru hamarkadako menia haustea eta gerra egoerara itzultzea. Marokok 1975ean okupatu zuen Mendebaldeko Sahara. Polisarioa gerran aritu zen, harik eta, erreferendum baten promesaren truke, menia sinatu zuen arte. Rabatek urteotan etengabe trabatu du bake prozesua, eta, duela bi urte, marra gorria zeharkatu zuen Guergueraten. Ordutik etengabeak dira erasoak eta bonbardaketak, eta hildakoak izan badira ere —bai militarrak, baita zibilak ere—, gerrak apenas duen oihartzunik.

Azken garaietan droneen gerraz hitz egiten da. AEBei, Israeli eta Turkiari erositako droneekin erasoak egin ditu Marokok, eta sahararrak ere droneak erabiltzekotan dira. Horren harira, Omar Mansur Barne ministroak jakinarazi du laster drone armatuak erabiliko dituztela harresian dauden okupazio indarren aurka.

Mendebaldeko Sahararen eta Marokoren arteko gatazka artean Gerra Hotzaren parametroetan mugitzen da. Polisarioak Aljeriaren babes amaigabea dauka geopolitikari erreparatzen bazaio, eta nazioarteko aliantza sendoagoen desiran, tentuz begiratzen dio garai batean estatu koloniala eta gaur egun nazioarteko zuzenbidearen arabera oraindik potentzia administratzailea den herrialdeari. Espainiako Gobernua Marokorekin lerratu da, eta, datorren otsailean, goi mailako bilkura egingo dute bi herrialdeek.

Pedro Sanchez Espainiako presidenteak Rabaten autonomia plana sostengatu zuen iaz, gatazka gainditzeko aukerarik «serioena, errealistena eta sinesgarriena» dela adierazita.

(…)

Origen: Polisarioak su etena hautsi osteko lehen kongresua abiatuko du gaur Dakhlan – Delegación Saharaui en Euskadi